Euskaraldia 2025. Beste pauso bat

Maiatzaren 25ean bukatu da Euskaraldiaren 2025eko ekitaldia, eta Lan Harremanen Kontseiluak ekimenarekiko hartu zuen konpromisoa bete du. Hirugarrenez parte hartu dugu Euskaraldian, eta oraingo honetan ere LHKko hiru egoitzak euskaraz lasai aritzeko guneak izan dira.
Ariketa ondo bete dugu, eta izan ahobizi, izan belarriprest, nor bere txapa aldean, eroso sentitu gara aukeratutako rolean. Eta, guretzat oso garrantzitsua dena, ariketan parte hartzen ari garela ikusgarri egin dugu, egoitzetako sarreretan jarritako banderatxoekin, txapa famatuekin, eta batez ere, gure jarrera aktiboarekin.
Euskaraldiaren aurtengo edizioaren barruan, gure erakundean, pare bat ekitaldi izan dira azpimarragarri. Maiatzaren 16an, Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko lagunekin ekitalditxoa ospatu genuen gure Bilboko egoitzan, eta euskaraz aritu ginen, jan-edanak tarteko. Eta maiatzaren 23an, aldiz, Amaia Aierbe Zurutuza nutrizionista gonbidatu genuen gurera, Elikadura- eta osasun-ohitura osasungarriei buruzko tailerra emateko; ekimen guztiz arrakastatsua hau ere, langileen partaidetza handiarekin, eta euskara hutsean emana, gurean hain ohikoa ez dena.
Bai, Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu dugu, eta egindakoaz harro gaude benetan. Egunotan bereziki, tarteka behintzat, euskara benetan gure etxeko hizkuntza dela sentitu dugu. Oraindik bada zereginik, baina hamar eguneko esperientzia hau oso positiboa izan da. Beste pauso bat.