EUSKARALDIA 2022. BALANTZE POSITIBOA

Abenduaren 2an bukatu da Euskaraldiaren 2022ko ekitaldia, eta Lan Harremanen Kontseiluak ekimenarekiko hartu zuen konpromisoa bete du. Bigarrenez parte hartu dugu ekimen honetan, eta arigunea izan gara, Kontseiluan euskaraz lasai aritzeko aukera egon baita.

Helburu nagusia langileon arteko hartu-emanean eta bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera handitzeabazen, helburu hori bete egin da. Izan ere, ariketak iraun duen bi asteetan parte hartu duen langile bakoitzak zegokion rola ondo bete du: gure ariguneko ahobizi guztiek euskara erabili dute lankideekin komunikatzeko, baita neurri handi batean bezeroekin komunikatzeko ere, eta belarriprest izan direnek euren prestutasuna agertu dute besteek (lankideek zein bezeroek) euskaraz egin diezaieten, eta bere gaitasun eta aukeren arabera erabaki dute euskaraz noiz eta norekin egin.

Abenduaren 1ean, Euskaraldiaren aurtengo edizioaren azkenaurreko egunean, LHKren Bilboko egoitzan ekitaldi berezia antolatu da, aurreikusita zegoen bezala. Saioak bi atal izan ditu: lehen atalean, Euskara Planaren barruan 2022ko Kudeaketa Planean bete diren eta betetzeke geratu diren helburuen berri eman da; bigarren atalean, jarduera informalak egin ditugu euskaraz. Ekitaldiak erantzun ona jaso du, oro har, Kontseiluko langileen aldetik.

Bai, Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu dugu, bigarrenean egin genuen bezala, baina aurrekoaren amaieran esaten genuenez, Kontseiluaren ibilbidea da garrantzitsuena, izan ere, azkenaldian ahalegin bizia egiten ari gara erakundearen barruan euskara biziberritzearen alde. Benetan harro egoteko moduan gaude, emaitzak bistakoak baitira. Segi dezagun lanean.