EUSKARALDIA 2020. HELBURUA BETETA

Abenduaren 4an bukatu da Euskaraldiaren 2020ko ekitaldia, eta Lan Harremanen Kontseiluko langileek ekimenarekiko hartu zuten konpromisoa bete dute. Lehenengoz parte hartu dugu ekimen honetan, barne-arigunea izan gara, eta Kontseiluko egoitzak euskaraz lasai aritzeko gunea izan dira.

Gure kasuan, helburu nagusia langileon hizkuntza-ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea bazen, helburu hori bete egin da. Izan ere, ariketak iraun duen bi asteetan langile bakoitzak zegokion rola ondo bete du: gure ariguneko ahobizi guztiek euskara erabili dute lankideekin komunikatzeko, eta belarriprest izan direnek euren prestutasuna agertu dute lankideek euskaraz egin diezaieten, eta bere gaitasun eta aukeren arabera erabaki dute euskaraz noiz eta norekin egin.

Abenduaren 4an, Euskaraldiaren aurtengo edizioaren azken egunean, LHKren Bilboko egoitzan ekitaldi berezia egin da, aurreikusita zegoen bezala. Saioak bi atal izan ditu: lehen atalean, LHK-ko langileok gogoeta partekatua egin dugu (aurrez betetako galdetegia abiapuntutzat hartuta), eta hainbat ideia plazaratu dira, Euskara Planari, egindakoei eta egin beharrekoei buruz; bigarren atalean, Andoni Egaña bertsolari eta idazleak ordubeteko hitzaldi mamitsua eman du. Ekitaldi arrakastatsua izan da.

Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzea pauso esanguratsua da guretzat, baina Kontseiluaren ibilbidea da akaso garrantzitsuena, izan ere, azkenaldian ahalegin bizia egiten ari gara erakundearen barruan euskara biziberritzearen alde. Benetan harro egoteko moduan gaude, emaitzak bistakoak baitira. Ez dadila haria eten.

back to top