Euskaraldia 2020. Parte hartuko dugu

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza-ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2018koaren ondoren, 2020koa bigarren ekitaldia izango da; azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa, eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da arigune izenekoen bidez.

Lan Harremanen Kontseiluak aurten lehenengo aldiz bat egin du ekimen honekin. Eta, zalantzarik gabe, poztekoa da. Kontseiluak entitate moduan parte hartuko du, eta, nahiz eta hiru egoitza egon, denek barne-arigune delakoa osatuko dute, eta Euskaraldiak iraungo duen bi asteetan erakundeko langile guztiek (guztira, 16 lagun) konpromisoa hartu dute aktiboki parte hartzeko, eta lantoki barruko hizkuntza-ohiturak aldatzeko.

Rolen banaketari dagokionez, 6 ahobizi eta 10 belarriprest izango dira.

  • Ahobizi izango denak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du une oro, eta batzuetan zaila izango den arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten saiatuko da. Dagokion txapa izango du aldean.

                                                                                                                            

 

  • Belarriprest izango denak bere gaitasun eta aukeren arabera erabakiko du euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez du euskaraz egingo ulertzen dutenekin, baina euskaraz dakitenek berari euskaraz hitz egitea nahi du. Dagokion txapa izango du aldean.

                                                                                                                           

 

Abenduaren 4an, hizkuntza-ariketaren azken egunean, LHKren Bilboko egoitzan, goizean, ekitaldi berezia egitea aurreikusita dago.

Behin Euskaraldia 2020 bukatuta, Kontseiluak dagokion balorazioa egingo du.

back to top